2022/05/30
Kategoriak
Bestelakoak REAS Euskadi

Joan den maiatzaren 3an, REAS Euskadiren Ohiko Batzarra egin zen. Pandemia garaian egindako aurreko asanbladen ondoren, aurrez aurre ospatu ahal izan genuen, maskararik gabe eta aurpegia jarriz. Jardunaldi bat, sareak 2021ean zehar landu dugunaren berri emateko eta 2022rako plana kolektiboki eraikitzeko.

REAS Euskadiko erakunde bazkideen 50 ordezkarik baino gehiagok parte hartu zuten sarearen Ohiko Batzarrean, maiatzaren 3an, Bilboko La Bolsa Gizarte Etxean ospatu zena.

Lehenik eta behin, ongi etorria eman zitzaien erakunde bazkide eta laguntzaile berriei, eta, ondoren, eta sarearen estatutuetan jasotzen den bezala, 2021eko kudeaketa– eta ekonomia-txostenak aurkeztu eta onartu ziren, baita 2022rako plana eta aurrekontua ere.

2021ean egindakoa aurkezteko, elkarrizketa bat antolatu zen, politika publikoen, merkatu sozialaren eta ekintzailetzaren, Bizigarri Planaren eta feminismoen, komunikazioa eta auditoria sozialaren, lankidetzan egindako ekimenen, sareetan parte hartzearen eta solaskidetzaren esparruetako urteko mugarri esanguratsuenak biltzen zituzten posterren inguruan.

2022rako programatutako aktibitate guztietatik, horietako batzuk nabarmendu nahi izan ziren, REAS Euskadin dauden lantaldeetako kideek aurkeztu zituztenak.

Aurreko guztiaz gain, sarearentzat garrantzitsuak diren beste erabaki batzuk ere onartu ziren. Horrela, REAS Euskadiren Auditoria Sozialaren Zigilua garatzeko proposamena onartu zen (azken hilabeteetan aurkeztua eta landua). Ekimen honen helburua da Auditoria Sozialeko adierazle-sorta egiteari garrantzia ematea, bai eta bereizgarri bat aurkeztea ere, produktuak eta zerbitzuak ekonomia sozial eta solidarioaren printzipioen pean garatzen dituzten erakundeak publikoki aintzatetsi eta baloratu ahal izateko. Konfiantza-zigilu bat, azken batean, kontsumoa sustatzeko REAS Euskadiren Merkatu Sozialaren esparruan.

Bestalde, zeharkako eta sektoreko elkarte-proiektuak sustatzearen ikuspegitik, eta REAS Euskadik proiektu horiek garatzeko hartutako konpromisotik, sarea Oikocredit-en sartzea onartu zen. Nazioarteko kooperatiba da, eta garapenerako kreditua ematea du helburu, Hegoaldeko herrialdeetan pobrezia murrizten lagunduko duten proiektuak finantzatuz. Oikocredit mikrofinantzen finantzatzaile pribatu handienetako bat da, eta kreditua eta kapital soziala ematen dizkie kooperatiba produktiboei, bidezko merkataritzako erakundeei eta gizarte-eragina duten enpresa txiki eta ertainei. REAS Euskadin parte hartzen duen Euskadiko laguntza-elkarte bat du ere.

Ondoren, REAS Euskadiren jaiotzaren 25. urteurrenaren inguruan 2022an garatu beharreko mezuen eta jardueren inguruan lan egin zen dinamika parte-hartzailearen bidez. Hitzordu hori oso garrantzitsua da egindako lana baloratzeko, lortutako guztia ospatzeko eta etorkizuna proiektatzeko, bai sarearen hazkunde gisa zein ekonomia soziala eta solidarioaren hedapenari dagokionez.

Azkenik, eta “bestelakoak” atalean, REAS Red de Redes-en Idearia XV. Topaketaren, Regularización Ya EHLa bultzatzeko kanpainaren eta Elika Bilbo elikadura-subiranotasunaren aldeko ekimenaren jardueren berri eman zen.

Topaketarekin, ospakizunekin eta giro onarekin jarraitzeko, pikateko batekin amaitu zen jardunaldia, Bilbon euskara bultzatzeko gune soziokultural bat den Biran.