2025/10/23
Kategoriak
Erakunde bazkideak Erakunde bizigarriak REAS Euskadi

Joan den urriaren 8an, Denera iritsi ezinaren aurrean, lan-politika feminista jardunaldian murgildu ahal izan ginen. Gogo biziz iritsi ginen La Bolsa eraikinera, urduritasun pixka batekin ere. Hilabete batzuk izan dira jardunaldi hau sukaldatzen. Urte batzuk daramatzagu Mugarik Gabe, Setem Hego Haizea eta REAS Euskadi saretuak. Prozesu hau erakusteko pentsatutako egun bat zen. Ekonomia Sozial eta Solidarioaren parte egiten dugunontzat lan-politika feminista zer den erantzuten saiatzeko elkartu ginenetik egindako ahalegin, denbora, eztabaida… eta poz askoren fruituak partekatzeko eguna.

Uztailean botatako data gorde-ak, bero eta opor artean, oso harrera ona izan zuen eta, egia esan, izen-ematea eta parte-hartzea (80 pertsona!) uste genuena baino askoz ere ugariagoa izan da. Eta askotarikoa. Kooperatibak, GGKEak, administrazio publikoa, enpresak, sindikatuak… elkartu ginen, eta nahasketa horretan egon da jardunaldiaren aberastasunaren zati bat ere. Gaiaren inguruan beharra eta interesa dago, eta goiz osoan (kafea hartzean ez zen ihesik izan!) egon izana horren froga izan zen.

Beti denborekin borrokan, nola ez, goiza azkar joan zen. Oso “zinema-jaialdi moduan” hasi ginen, Al Borde Filmseko lankideek hain maitasunez eta umorez egin duten bideoa erakutsiz (eta gainera aktoreekin aretoan). Lan politika feministarako gure 10 printzipioak eta 20 akordioak biltzen dituen infografiak, (Ania Saenz de Buruagaren lan zoragarriak), aurkeztea apur bat gehiago kostatu zitzaigun. Baina inprentako arazoa gainditu ondoren, aurkeztu ere egin ahal izan genuen, eta nahiko argazki ere atera genituen.

Goiza bi une handitan egituratu zen. Lehen osoko bilkura prozesu honen mugarriak eta jardunaldietara ekarri gintuzten helburuak aurkezteko. Eta mahai-inguru bat, María Ángeles Fernándezek (Pikara Magazine) dinamizatua. Bertan parte hartu zuten Elba Mansillak (Ciutat Invisible), Silvia Pirisek (REAS Euskadi) eta María Viaderok (Mugarik Gabe). Mahaian lan-politika feministaren beharraz, erakundeetan nola ari den lur hartzen eta tresnak, ikaskuntzak eta erronkak partekatzeko aukera izan zuten.

Bigarren unean, hiru taldetan lan egin zen, honako gogoeta-ardatz hauen arabera: Lanak antolatzea eta gaitasunak eta parte-hartzea indartzea; Baldintza ekonomikoak eta denborak; eta Identitatea, lan-giro erlazionala eta espazioa. Dinamizatzaileek gero esan zutenez, argi geratu zen asko dagoela partekatzeko eta espazio horiek oso beharrezkoak direla. Gehiagorako gogoz geratu ginen.

Goiza Ekoetxean amaitu genuen (eskerrik asko Ekologistak Martxan-i zuen etxea okupatzeko erraztasun guztiak emateagatik), Amillenako lankideen janari oso goxo eta agroekofeministarekin (jatetxe Arrazolan dute, gehiagorako gogoz gelditu zinetenentzat).

Plazer bat guztiontzat. Eta egiten duguna ez ezik, nola eta noren artean egiten dugun ere garrantzitsua delako, Amaia, Flora, Iratxe, Jagoba, Joana, Maider, María, Silvia, Susana eta Zaloa, eskerrik asko bainu freskagarri eta energiagarri hau posible egiteagatik. Bultzada hartu eta jarraitzen dugu.