Gerra da gizateriaren aurkako krimenik latzena, eta mundu osoko herrialde askotako biztanleek pairatzen dute. 2022an areagotu egin da Europan ere, errusiarren erasoaren eta Ukrainako gerraren ondoren, baita NATOren militarismoaren ondoren ere. Milaka heriotza eta milioika desplazatu eraginez.
Gerra honek eztanda egin aurretik ere, Europan gerra-gatazken ondorioak sumatu genitzaken, horren adibide, Yemenen, Sirian edo Espainiako Estatuak militarki esku hartzen duen 20 herrialde baino gehiagotan armadek eragindako sufrimenduari ihes egiten zioten milaka pertsonak. Egoera honen aurrean, Europar Batasunak diru kantitate handiak xahutu ditu mugak militarizatzen, behar duten pertsonei babesa galarazi die, eta euren babesgabetasun egoera eta oinarrizko eskubideen urraketak betikotu ditu.
Ukrainan gerra piztu izanak sufrimendua eta mundu bidegabeago bat baino ez ditu ekarriko. Europar Batasuneko herrialdeen eta NATOren erantzunak ere ez du itxaropen handirik ematen; izan ere, haien ekintzak ez dira inoiz bideratuak egon eskalada militarra murriztera, ez Errusiak inbasioa hasi aurretik ezta ondoren ere. Espainiako Estatuak erasorako material militarra bidaltzen lagundu du eskalada horretan. Guztiz bideraezina eta bidegabea da gatazkak Estatuetako indarkeriaren bidez konpontzen saiatzea; armada bakar batek ere ez du bakea defendatzen.
Gerra honen aurretik ere, NATOko estatu kideen artean gastu militarrean dirua xahutzeko joera urtez urte handitzen joan da, Espainian pertsonako 700 euroko muga gainditzeraino. Orain, Alemania bezalako hainbat herrialde gastu militar horiek izugarri handitzearen alde jarri dira, eta susmatzekoa da europar estatukide gehiagok mugimendu negargarri hau imitatuko dutela.
Armaden zeregin nagusia kapitalismoari eustea da, baliabide naturalak suntsitu eta esplotatzeko prozesua; eta baita herrialde pobretuak espoliatzen dituzten enpresa transnazionalak defendatzea ere, hain zuzen planeta krisi klimatiko suntsitzaile batera eraman dutenak.
Mundu justuago bat eraikitzeak bidegabekerien kausa guztiak desagerrarazteko borroka dakar bere baitan. Horietako bat da haien finantzaketa. Gastu militarretan gero eta diru publiko gehiago xahutzen ari den honetan, hurrengo errenta-aitorpenean Gastu Militarrean zerga-eragozpena egitera animatzen zaitugu.
Eragozpen fiskala gerren finantzaketan estatua ekonomikoki laguntzeari uko egitea da. Desobedientzia zibileko ekintza bat da, eta zergen zati bat ordaintzeari uztean datza, diru kantitate hori alternatiba eraldatzaile eta solidarioak eraikitzen diharduten ekimen herritarretara bideratzeko.
2021ean, objekzio fiskalak sendotzen jarraitu zuen EAEn; izan ere, ia 200 pertsonak planto egin zuten armaden finantzaketaren aurrean, eta erabaki zuten beren zergen zati bat gizarte bidezkoago eta solidarioago baten alde lan egiten duten proiektuetara bideratzea: ekimen ekologistetara, giza eskubideen aldeko proeiktuetara edo komunikabideetara. Horiek izan ziren zergen helburu alternatiboetako batzuk eta 17.900 euro inguru jaso zituzten.
Beste urte batez, Eragozpen Fiskalerako bulegoak irekiko ditugu Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Bertan, errenta-aitorpena egingo dizugu eragozpen fiskala aplikatuta, dohainik eta aurretiazko hitzorduarekin. Informazio guztia helbide honetan aurkituko duzu: www.eragozpenfiskala.org.
Argitan, Armiarma, AZET Etxebizitza Sindikatua, BATU Elkarlaguntza Sarea, CNT Bilbao, Ekologistak Martxan, Elkarlaguntza Sarea Galdakao, ESK, Finantzaz Haratago, Irola Irratia, ISF Euskadi, Kakitzat, KEM-MOC, Lumaltik Herriak, Mugarik Gabe, Mundubat, Setem Hego Haizea, REAS, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Posada de los Abrazos, Zehar-Errefuxiatuekin, WDR-Bizkaia(Women Defend Rojava)
GERRA HEMEN HASTEN DA, GELDITU DEZAGUN HEMEN