2026/02/25
Kategoriak
Ekonomia Solidarioa eta Feminista REAS Euskadi

Mugarik Gabek, REAS Euskadik eta Setem Hego Haizeak Lan Politika Feministarantz aurrera egiteko hamar printzipioko eta hogei akordioko argitalpena aurkeztu nahi dizuegu. Gida hori hiru erakundeok hausnarketa kolektiborako abian jarritako prozesuaren esparruan sortu da, eta baduzue hemendik jaisterik. Orain, ordea, aliantzak batu nahi ditugu, lan-eredu bizigarrian sakontzen jarraitzeko asmoz.

Prozesuaren hasieratik, inplikatutako erakundeok galdera handiak egin ditugu, eta, beti, modu kolektiboan erantzuten saiatu gara. Horretarako, geure jakintza eta jarduketa guztiak jarri ditugu mahai gainean. Denera iritsi ezinaren aurrean, geure erakundeetan badugu lan-arloa beste begirada batzuen bidez zehazterik? Ekonomia sozial eta solidarioa izan daiteke gero eta premiazkoagoa eta beharrezkoagoa den laborategi hori, enpleguak berriro zehazteko orduan berdintasuna, ongizatea eta bizien jasangarritasuna kontuan hartu daitezen?

Printzipioak iparrorratza dira. Izan ere, sozialagoak, solidarioagoak eta feministagoak diren beste lan-politika horiek norantz joan behar diren zehazten laguntzen digute. Etengabe eratzen ari den esparru orokorrago honi edukia ematea daukate helburu. 

Akordioak abiapuntutzat jotzen dira, eta lan-eremua zeharkatzen duten sei arlotan daude egituratuta: denbora, baldintza ekonomikoak, lanen antolaketa, gaitasunak sendotzeko prozesua, lantokiak eta nortasuna zein laneko giroa.

Denborari dagokionez, premiazkoa da ekoizpenerako zein ugalketarako orduak agerian jartzea, aparteko orduak printzipioen arabera gaitzestea edo lanaldi laburragorantz eta ordutegi malgurantz aurrera egitea.

Baldintza ekonomikoetan adierazten dugunez, premiazkoa da soldata duina zer den modu kolektiboan zehaztea eta aberastasunaren bidezko banaketarantz aurrera egitea.

Lanen antolaketaren arloan, guretzat beharrezkoa da zereginen gainkargari aurre egitea, lan-egikera kolektiboagoak bilatzea edo lan guztiak modu sinboliko zein materialen aitortzea, besteak beste.

Gaitasunak sendotzeko prozesuan, pertsonen bizi-zikloko zenbait une integratzea eta koordinazio zein lidergo kolektiboak sustatzea daukagu helburu. 

Lantokiei dagokienez, baldintza onak dituztela, irisgarriak direla eta erantzukidetasunez zaintzen direla bermatu nahi dugu.

Azkenik, nortasunaren eta laneko giroaren arloan, honako hauxe dugu xede: pertsona guztien ongizatea lehenestea, gatazken zein desadostasunen kudeaketa hobetzea eta egindako ibilbidea aitortzea eta ospatzea.

Prozesua

Hiru erakundeok prozesu honi eman diogu hasiera, ikuspegi feministaren bidez geure lan-politikei buruzko hausnarketa sortzeko asmoz. Hasieran, galdera eta korapilo asko genituen. Oraindik ere, baditugu besteren batzuk. Dena dela, arriskatu egin gara, eta zenbait ziurtasun ere aurreratu ditugu, horrelako prozesuetan etengabe berrikusi beharra dagoela jakin arren eta hori aitzakiatzat hartu gabe. Gaur egun urrats egokia eta zentzuzkoa dela uste duguna baliteke bihar aldatu behar izatea. Hala ere, jokoaren arauak aldatzeko saialdi honen barruan dago kokatuta.

Orain arte, prozesuan bertan (bere nondik norakoak hementxe daude ikusgai), hausnarketa teorikorako saioak bateratu dira truke praktikoarekin eta partaidetzazko jardunaldi irekiekin. Azken horietan, hain zuzen ere, funtsezko puntuak partekatu eta jarri dira kolokan. Prozesuan bertan, gainera, euskal ESSrekin lotutako beste erakunde batzuek ere parte hartu dute; esate baterako, Kidenda, Errotik, Equipare, Gaztaroa-Sartu, Bidegintza, Bizilur, Goiztiri, Mugarik Gabeko Ingeniaritza (MGI), Hegoa, Totem MT, Zabaltzen-Sartu edo Goiener. Halaber, saio batzuetan, Euskadiko GGKE-en Koordinakundeak ere egin ditu hausnarketarako ekarpenak.

Lan Politika Feministaranzko eraketa kolektiboak aurrera egingo du hurrengo hilabeteetan, eta sakonago lan egiten eta aliantzak batzen jarraituko du. Horretarako, 2026an, mintegiak zein lan-saioak antolatuko ditugu, eta haien berri emango dugu apurka-apurka. Era berean, material gehiago ere izango ditugu, geure proposamena gizarteratu ahal izateko. Informazio hori guztia geure sare eta buletinetan partekatuko dugu aldian-aldian.

Prozesu honek Elankidetzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendaritzaren babesa jaso du.

Gehiago jakin prozesuari buruz 

Lan Politika Feministaren Gida: 10 printzipio eta 20 akordio

Prozesuaren nondik norakoak

2025eko urriaren 8ko jardunaldiaren kronika