Joan den maiatzaren 11n, Sareen Sareak antolatuta, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Eguna ospatu zen. REAS Euskadi bertan izan zen eta sektoreak GJHen eta 2030 Agendaren aurrean duen posizionamenduari buruzko solasaldi batean parte hartu zuen.
Aurreko edizioetan bezala, Sareen Sareak, bere 16 sare bazkideez gain, Euskadiko ordezkari instituzional, politiko eta sozial ugari bildu ditu ekitaldian. «Oraindik asko geratzen da margotzeko. Gizartea eraldatzen» leloarekin, sektoreak gizarte kohesionatu, inklusibo, solidario eta parte-hartzailearen alde lan egiten duten ia 4.000 euskal erakundeen garrantzia eta ahalmen eraldatzailea erakutsi nahi izan zuen.
Ekitaldiak, kronika honetan jasotzen den bezala, erakundeen esku-hartzeak, Sareen Saria ematea eta, azkenik, sektoreak Garapen Jasangarriaren Helburuen eta 2030 Agendaren aurrean duen iritzia aurkeztea izan zituen.
Iritzi horren inguruan, Inbiku-ko Arantza Sáenz de Ugarte-k moderatutako solasaldi bat egin zen, non Hirugarren Sektore Sozialeko hainbat sareren esperientziak aurkeztu ziren. Zehazki, Euskadiko GGKEen Koordinakundeko Arantza Achak, REAS Euskadiko Carlos Askunzek eta Euskadiko Buru Osasuneko Mª José Canok sektorearen posizionamendua eta GJHen eta 2030eko Agendaren arloan egindako lana azaldu zituzten.
REAS Euskadiren kasuan, positibotzat jo zen euskal gizartean agenda horrekin lotutako ekimen asko egotea, baina nabarmendu zen oso garrantzitsua zela “haren garapenak benetako irismena izango zuela egungo politika publikoen eta gizarte-eragileen eta herritarren portaeren beharrezko aldaketan”, eta beharrezkoa zela “parte-hartze handiagoko prozesuak eta foroak egituratzea, euskal gizartearen erronka eta eragile konprometituenen aniztasuna barne hartzen dutenak”.
Era berean, gure planetak eta gizakiek gaur egun bizi duten abagune kritikoa nabarmendu zen, eta, horregatik, “egungo eredu ekonomiko, sozial eta politikoaren sakoneko aldaketa sustatzeko beharra, erronka eko-sozialak pertsona guztien bizitza ona eta ongizatea sustatzeko estrategiaren erdigunean jarriko dituena, bai eta bizitzaren egungo eta etorkizuneko iraunkortasuna bermatuko duena ere”.
Azkenik, sektoreak arlo ekonomikoan egiten duen lanaren garrantzia nabarmendu zen, hainbat sektoretan, hala nola enplegu inklusiboan, gizarte-ekintzailetzan edo ekonomia sozial eta solidarioko ekimenetan. Lan horrek ikusgarritasun, aintzatespen eta babes sozial eta instituzional handiagoa eskatzen du.
Ondorengo bideoan solasaldi osoa ikus daiteke: