2024/12/04
Kategoriak
Ekintzailetza elkarlanak Prestakuntza eta sentsibilizazioa

EHU-k eta REAS Euskadik indarrak batu dituzte Ekonomia Solidarioa sustatzeko ekintzailetzaren eta berrikuntzaren esparruan, enpresa-alternatiba bidezkoagoa eta iraunkorragoa sustatuz.

Etikaliako Roberto, Izarkomeko Iker eta M3Artekoko Saray eta Laurarekin mahai ingurua

Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Negozioen Kudeaketako Graduan, Ekonomia Sozial eta Solidarioa (ESS) Ekintzailetza eta Enpresa Berrikuntza ikasgaian integratzera bideratutako ekimen bat garatu da. 

Helburua ikasleen begirada zabaltzea izan da, NOLA ekin planteatzerakoan, negozio-eredu tradizionalaren alternatibak nabarmenduz. 

Urriaren 8an eta 10ean ESSra sarrera teorikoa egiteko bi saio egin ziren, REAS Euskadiren eskutik. Saio horietan, ESSaren printzipioei buruzko kontzeptu-esparru bat eskaini zen, eguneroko kudeaketan aplikatzen dituzten enpresen adibide praktikoak nabarmenduz. 

Urriaren 22an, Canvas Soziala metodologia azaldu zen, ESF Euskadik buru zuen saio batean. Ikasleek aukera izan zuten tresna hori aplikatzeko, ikuspegi soziala duten negozio-ereduak diseinatzeko, eragin komunitarioa eta jasangarritasun bezalako funtsezko alderdiak kontuan hartuta, besteak beste. 

Azaroaren 19an, mahai-inguru bat egin zen, eta hainbat ekimenetako ordezkariek parte hartu zutelarik: Etikalia – higiezinen agentzia etikoa, Izarkom – telekomunikazioen kooperatiba eta M3Arteko – zeramikazko laborategia. Beren esperientziak partekatu zituzten ESSaren printzipioak beren proiektuetan nola ezartzen dituzten azaltzeko, ESSko ekintzailetzaren benetako adibideak eskainiz ikasleei. 

Nabarmentzekoa da proposamen metodologiko bat diseinatu dela, hitzaldi horietara mugatu beharrean irakasgaiaren garapena bera busti duena. ESSaren printzipioak zeharka txertatu dira kurrikulumean, ikuspegi gogoetatsu eta aplikatua sustatuz. Ikasleek gaia sakonki aztertzeaz gain, gako horiek dituzten proiektuetan ere ari dira lanean. Mila esker Itsaso Fernandez de la Cuadra irakasleari, proposamen hau aurrera eramateko konpromisoagatik eta dedikazioagatik.