2026/04/08
Kategoriak
Bestelakoak REAS Euskadi sareak eta mugimenduak

Errenta kanpainaren (PFEZ) etorrerarekin Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan, #EragozpenFiskala kanpaina bultzatzen dugun kolektiboetatik gonbidapen argia egiten dugu berriro: gastu militarrari desobedientziaz erantzun eta bizitzaren alde egin.

Urtero bezala, laster jasoko duzu zure aitorpenaren zirriborroa ikusteko jakinarazpena. Ohiko tramite bat… baina baita jarrera hartzeko aukera ere. Eragozpen fiskala desobedientzia zibileko ekintza bat da, zergen zati bat gastu militarrera bideratzeari uko egin eta baliabide horiek ekimen eraldatzaile eta solidarioetara bideratzean datzana.

Izan ere, gure zergek benetan garrantzitsua dena indartzeko ere balio dezakete. Gerrak, genozidioak edo faxismoak finantzatzen dituzten baliabideak birbideratzea proposatzen dugu, feminismoaren, etxebizitza eskubidearen, lan eta gizarte eskubideen, komunikazio alternatiboaren, ekologiaren, ekonomia sozial eta solidarioaren edo migratutako pertsonen eskubideen alde lan egiten duten proiektu autogestionatuetara.

Eragozpen Fiskalaren plataformatik —REAS Euskadi kide dena— baliabide hauek jartzen ditugu zure eskura, errazago egiteko:

📼 Egin zure aitorpena etxetik, eskuragarri dauden bideo-tutorialak jarraituz.

🧑‍💻 Erreserbatu hitzordua, eragozpen fiskalarekin errenta aitorpena egiteko laguntza jasotzeko, horretarako sortutako bulego sarearen bidez.

🔥 Bat egin kanpainarekin sare sozialetan, ekimena ikusgarri eginez eta gastu militarra salatuz #EragozpenFiskala traolaren bidez.

Kanpainaren webgunean informazio eguneratua, materialak eta pausoa emateko baliabideak aurkituko dituzu: www.eragozpenfiskala.org

Gainera, edozein zalantza argitzeko idatz dezakezu helbide honetara: eragozpenfiskala@gmail.com

Erabaki bakoitzak balio duelako. Eta errenta aitorpenean ere, zein aldean zauden aukeratu dezakezu.