2021/10/26
Kategoriak
Ekonomia Solidarioa eta Feminista REAS Euskadi

Urriaren 18tik 22ra bitartean, Ekonomia Feminista eta Solidarioaren Eskolaren beste edizio bat egin da, oraingoan formatu birtualean, REAS Red de Redes, Red Feminista por un Sur Global-Dawn eta OCARU IEE Landa Aldaketaren Behatokiaren arteko aliantzaren ondorioz. Edizio honetan, bizitzaren merkantilizazio eta finantzarizazio dinamikak aztertu dira, eta Ekonomia Solidarioak eta Feministak planetaren iparralde eta hegoalde globalean eraikitako alternatibak eta erresistentziak elkarrizketan jarri dira.

Egin dezagun historia pixka bat REAS Red de Redes eta Dawn Sarearen artean eraiki den aliantzaren sakontasuna ulertu ahal izateko. Ekonomia Feminista eta Solidarioaren Eskolaren edizio berri hau izan da aliantza honen emaitzarik ikusgarrienetako bat.

2019az geroztik, Red de feministas por un Sur Global-DAWN eta REAS Red de Redes Ekonomia Eraldatzaileen Munduko Gizarte Foroan (FSMET) egon dira, eta hainbat proposamen egin dituzte foro horretan sortutako bateratze feministaren esparruan. 2019an, REAS Euskadik “Bizitza erdian: gure burua eraldatzeko proposamen eta tresnak” jardunaldia abiarazi zuen, eta Dawn Sarea gonbidatu zuen elkarrizketa batera, Ekonomia Solidarioaren eta Ekonomia feministaren arteko artikulazio batek normaltasun horretara itzultzea saihesteko zituen ahalmenen inguruan. Normaltasun horren oinarrian, hain zuzen ere, aurrez aurre genituen krisien zati handi bat zegoen (galdu bazenuen, bideoa ikus dezakezu). 2020an, eskolaren webgunea birtualki argitaratzeko webinario baten barruan, elkarrizketa horretan aurrera egin zen Ekonomia Solidarioko erakundeak eta sareak Ekonomia Solidarioaren eta Ekonomia feministaren arteko artikulazio hori sendotzeko abian jartzen ari ziren esperientzia eta tresna zehatzetan oinarrituta.

Gune horietan planteatzen genituen gai asko eztabaida eta azterketa bizien ardatz izan dira edizio honetan. Nola daude ekonomia solidarioko praktikak agroekologiarekin, finantza etikoekin, subiranotasun energetikoaren aldeko apustuekin? Nola esleitzen diegu balioa monetatik soilik pasatzen ez diren ekonomia antolatzeko beste modu batzuei? Nola eraikitzen dugu elikadura-subiranotasuna agronegozioak lehiatutako espazioetan? Nola eraikitzen da subiranotasun energetikoa korporazioek energia berriztagarrien sektorean egin duten aurrerapenaren aurrean? Finantza etikoak engranaje bat izan daitezke ekonomia eraldatzaileentzat?

Gai horiek guztiak 5 lan-saiotan antolatu dira (bideoak saio bakoitzeko esteketan dituzue):

1. saioa. Finantza-mundua ez da abstraktua, eta dagoeneko gure etxeetan dago: inaugurazio-saioa. Bertan, bizitzaren merkantilizazioa eta finantzarizazioa zer den eta nola eragiten digun ulertzeko aukera ematen diguten kontzeptu teoriko eta tresna nagusiak aurkeztu ziren.

2. saioa. Naturaren merkantilizazioa. Nekazaritzaren egungo joerak: bizitzaren finantzarizazioak eta merkantilizazioak nekazaritza-sektorean nola hartzen duen forma aztertu genuen, eredu agroindustrialaren aurrerapenaren bidez, Ekuadorko kasu zehatzetik abiatuta.

3. saioa. Agroekologia, feminismoak eta ekonomia solidarioak. Esperientziak, estrategiak eta tresnak: elikadura-subiranotasunaren esparruan esperientzia eraldatzaileak partekatu genituen.

4. saioa. Desmerkantilizazio energetikorantz. Erresistentziak eta proposamenak ekonomia solidario eta feministatik: saio horretan trantsizio energetikorako alternatibak eta proposamenak aurkeztu zituzten, ikuspegi herrikoi, feminista eta solidariotik.

5. saioa. Finantza etikoak eta solidarioak. Guztiz finantzarizatutako mundu baten logikei aurre eginez: Finantza etikoen eredua aztertu genuen begirada feministetatik, eta planteatzen genuen nola bihurtzen diren finantza etikoak ekonomia eraldatzaileen engranaje.

Aste horretan, hango eta hemengo ekintzaile eta erakunde feministak, emakume taldeak, LGTB+ kolektiboak, ekonomia solidarioko erakunde eta enpresak, sindikatuak eta nekazari eta indigenen erakundeak elkartu gara, kontakizunak eztabaidatzeko eta finantza-kapitalismo globalaren aurrean alternatibak eta erresistentziak eraikitzeko. REAS Red de Redes eta Dawn sareko kide askoren lanari eta maitasunari esker lortu ahal izan den prestakuntza- eta ekintza-espazio bat da, eta, bertatik, gure esker ona adierazi nahi dugu espazio honetan jarritako zaintza guztiagatik.