Joan den apirilaren 4an, “Euskal autonomia erkidegoko gizarte-ekonomiari buruzko kontakizuna” argitalpena aurkeztu zen Deustuko Unibertsitatean. Hiru euskal unibertsitateek egindako ikerketa- eta sistematizazio-lana da, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzaren babespean eta gizarte-ekonomiako euskal sareen partaidetzarekin.
Lanak lehen kapitulu bat aurkezten du, euskal gizarte-ekonomiaren kontakizun komun bat sistematizatu nahi duena, bai ikuspegi historiko batetik, bai haren ezaugarri esanguratsuenetatik. Ondoren, euskal ekonomia sozialeko (REAS Euskadik egituratutako ekonomia solidarioa barne) «familia» desberdinen 10 kapitulutako aurkezpena eskaintzen da, familia bakoitzaren datu, balio eta ibilbide batzuk emanez.
Ekitaldian Elena Pérez Barredo Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordea eta lana zuzendu duten pertsonak izan ziren: Marta Enciso (Deustuko Unibertsitatea), Aitor Bengoetxea (UPV/EHU) eta Leire Uriarte (MU). Lehen aldiz horrelako lan bat izatearen garrantzia azpimarratu zen, eta bere kontakizuna gizarte osora zabaltzeko beharra, batez ere gazteriaren eta prestakuntzaren esparruan.
Bertan izan ziren gizarte-ekonomiako erakundeetako ordezkariak, Jokin Díaz Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako zuzendaria, Aitziber Mugarra argitalpenaren edizioaren arduraduna eta argitalpena egiten parte hartu duten hiru unibertsitateetako hainbat pertsona.
Honekin batera doa euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko argitalpena.