2024/06/18
Kategoriak
Ekintzailetza Ekonopolo Prestakuntza eta sentsibilizazioa REAS Euskadi

Joan den maiatzaren 14an, prESStatzen programaren 3. edizioaren itxiera ospatu genuen. Ekonomia Sozial eta Solidarioan (ESS) ekintzailetza-proiektuak babesteko diseinatutako programa da, eta REAS Euskadik eta Bilbao Ekintzak sustatzen dute. Ekitaldi garrantzitsua izan zen, eta parte hartu zuten 10 proiektuak aurkeztu ziren.

prESStatzen-en ekintzaile ta talde motorreko pertsona batzuk

Ekintzaileek urtarrilean hasitako bidea amaitu dute, formakuntza eta aholkularitza uztartuz. Alde batetik, 33 orduko prestakuntza eta networking saioak jaso dituzte. Horietan, ezagutza eta tresna berriak eskuratzeaz gain, hauek negozio planetan lurreratu dituzte. Ekitatea, iraunkortasun ekologikoa eta aberastasunaren banaketa justua bezalako balioak landu dira, ondoren ekintzailetza proposamenetan sartuz.

Bestalde, proiektu bakoitzak 21,5 orduko aholkularitza tekniko pertsonalizatua izan du, ESSko espezialistek eskainia, ekimenetan ikuspegi feminista eta migratzailea txertatzeko saio espezifikoak barne.

Maiatzaren 14an, parte-hartzaileek itxiera ekitaldian – Demo Dayean- aurkeztu zituzten beren proiektuak 60 parte-hartzaile baino gehiagoren aurrean. Proiekturik aurreratuenek feedbacka jaso zuten, ekintzailetza publikoko, hezkuntzako eta gizarteko adituez osatutako epaimahai baten eskutik.

Programari buruzko informazio gehiago hemen.

Proiektu parte-hartzaileen profila

10 proiektuen artean, emakume ekintzaileen parte-hartze handia nabarmentzen da (parte-hartzaileen % 71a). Gainera, proiektuen % 50ek pertsona migratzaileak dituzte ekimen ekintzailea bultzatzen duen taldearen barruan.

Hemen proiektu bakoitzaren laburpena aurkezten da, bere beharrak eta kontaktuak barne:

RAIZ
Osasun mentala
COBBLER
Aholkularitza ekologikoa
ANITZAK
LGTBIQ+ laguntza eta ikusaraztea 
TRAUKON
3. sektorea/
integrazioko eta inklusio-partaidetza
ISA PRIETO COACH
Gizarteratzea eta migrazioa
HASIZ
3. sektorea/hezkuntza ez-formala
LA TRIBU
Dantza eta musikako prestakuntza
FOGO
Kultura-sustapena
EKOLATUA
Ingurumen-hezkuntza
HARIA GALTZEN
Ehungintzako prestakuntza

Jarduera gehiagorekin jarraituko dugu

Aurtengoz prESStatzen amaitu bada ere, Ekonopoloko ekintzailetza arloak aktibo jarraitzen du urte osoan zehar programatutako hainbat jarduerarekin:

  • Doako aholkularitza puntualak: Doako aholkularitzak eskaintzen ditugu ESSan ekiteko interesa dutenentzat edo, ESSaren balioetan oinarrituta, hobetu nahi duten enpresentzat. Zure negozio-proposamena ebaluatu nahi duzu? Zure negozioa ESSko ekosistemarekin konektatu nahi duzu? Hornitzaileak, bezeroak edo finantzaketa bilatzen duzu ESSan? Bete formulario hau eta aholkulari batekin jarriko zaitugu harremanetan.
  • SENDOTZEN-en 3. edizioa: Ekainaren amaieran, programaren hurrengo ediziorako deialdia egingo dugu. Dagoeneko martxan dauden ESSaren enpresak eta ekimenak indartzen laguntzeko programa da.
  • EKITEN gida interaktiboa: Ekonomia Sozial eta Solidarioan ekiteko interesa dutenentzat eskuragarri, gida honek modu erraz eta erakargarrian eskaintzen ditu ESSko negozio bat garatzeko eman beharreko urratsak, Euskadin interesgarriak diren hainbat baliabide eta informazioarekin batera.

Deialdirik ez galtzeko eta jarduera guztiak egunean izateko, REAS Euskadiren buletinean izena ematea gomendatzen dizugu.