Hemezortzi hilabetez elkarlanean aritu ondoren, Sendotzen programaren 2. edizioko erakundeak beren prozesua bukatu dute, garapenerako funtsezkoa izan den kapitulu bati amaiera emanez. Ibilbide hori jardunaldi berezi batekin itxi genuen urtarrilaren 21ean, eta 3. edizioko proiektuek ere parte hartu zuten.

Hasierako zatian, parte-hartzaileek programan egindako ibilbidea ebaluatzeko aukera izan zuten. Hausnarketa-une horretan, urte eta erdian izandako lorpenak, gainditutako oztopoak eta hazkundea aztertu zituzten.
Jardunaldiaren zati nagusia sormenagatik nabarmendu zen, parte hartu zuten proiektuei erronka hau jarri genien eta: “Robota ez zarela egiaztatu” kanpainaren bigarren zatia garatzea, beraietako bakoitza ESSaren alternatiba gisa ikusaraziz eta, aldi berean, guztiak lotzen dituen kontakizun bateratu bat sortuz. Ezagutu emaitza hemen:
Emandako denbora laburrerako emaitza bikaina lortzeaz gain, edizio ezberdinetako ekimenen arteko elkar ezagutza sustatu zen dinamika honi esker. Gainera, Sendotzen-en zehar eskuratutako ezagutzak ere praktikan jarri ziren, eta proiektuen artean etorkizuneko sinergiak sortzeko oinarri izango diren puntu komunak aurkitu ziren.
Saioari amaiera emateko, tutore bakoitzak hitz batzuk eskaini zizkien beren proiektuei, eta programaren estropu ikonikoa eman zieten, arraunaren euskarri puntuaren eta arraunaren artean jartzen den soka, lotura sinbolizatuz. Estropuak kaltetzen edo hausten bada, ez dago arraunketarik eta ontzi barruko energia ahuldu egiten da. Arraunketa bakoitza elkartasun horri esker da posible.
SENDOTZEN Ekonomia Sozial eta Solidarioko ekimenak eta enpresak indartzeko programa bat da, epe luzera iraunkortasun ekonomikoa eta orokorra sustatuz. Sei hileko moduluko egiturarekin, erakundeek hiru modulutan parte har dezakete gehienez ere urte eta erdiko prozesu batean. Modulu bakoitzak formakuntza, networking aukerak eta aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen ditu, ekimen parte-hartzaileen oinarriak indartzeko. |










