2021/11/29
Kategoriak
Ekologia Elikadura burujabetza Erakunde bazkideak Politika publikoak REAS Euskadi

Urriaren 13an, Sustraiak Habitat Design Koop-eko David González-ek, REAS Euskadiren ordezkari gisa, agerraldia egin zuen Eusko Legebiltzarreko Iraunkortasun, Ingurumen eta Ingurune Naturaleko Batzordean, Euskal Autonomia Erkidegoaren deskarbonizazioa aztertzeko ponentziari ekarpenak egiteko.

Bideo honetan ikus daitekeen agerraldiko gai eta proposamen nagusiak nekazaritza-lurrak klima-aldaketa arintzeko hustubide estrategikotzat hartzearen inguruan izan ziren. Horretarako, ezinbestekoa da nekazaritza-eredu industrial batetik – inpaktu ekologiko eta sozial handiak sortzen dituena – oinarri agroekologikoa duen eredu batera igarotzea sustatzea.

Ildo horretan, nekazaritza birsortzailea oso tresna eraginkorra dela erakusten ari da lurzoruko karbono-bahiketan, bai eta nekazaritza-ekoizpena hobetzen ere, garatzen den ingurunea bere onera ekarriz.

Begirada zabaltzea planteatzen da, ekoizpen-eredua ez ezik, ekoizpenetik kontsumora doan elikadura-kate osoa ere kontuan har dezan. Azken hamarkadetan inposatutako eredua, erregai fosil “merkeei” esker elikadura-kate luzeak garatzeko aukera ematen duena, jasanezina da eta elikadura segurtasun-arazo larriak sortzen ditu etorkizunerako.

Trantsizio agroekologikoa, gainera, Ekonomia Sozial eta Solidarioaren printzipioetan oinarrituz gauzatu behar da, justizia sozialeko eta ingurumeneko irizpideekin, eta aztarna ekologikoa garatzen den lurraldearen biogaitasunarekin orekatzen saiatuz.