2023/10/04
Kategoriak
Merkatu Soziala REAS Euskadi

Irailaren 29an, ostirala, REAS Euskadiko enpresetako 50 bat bazkide eta langile hurbildu ziren Zarautzera sarearen bigarren Bazkide Eguna ospatzera, non lankidetza, bazkaria eta giro ona ez ziren falta.

Goizeko 11etan hasi ziren iristen lehenengo gonbidatuak Zarauzko Musika Plazara. Ikusmin handia zegoen, 2022ko Bazkide Egunak oso oroitzapen ona utzi baitzien bertaratutakoei. Horregatik, Bilbotik autobus bat pleitatu genuen Bizkaiko oinarri sozialaren parte-hartzea errazteko.

Lehenengo jarduera, herriko plazan, xumea bezain beharrezkoa izan zen: gosari kolektibo bat, non parte-hartzaile guztiek informazioa trukatu zuten haien eta euren enpresaren inguruan. Aurpegi berri asko zeuden, beraz, lehen hartu-eman hori funtsezkoa izan zen.

Aurkezpenak egin eta gosea ase ondoren, eXperientziak entitate bazkide berriak, egoitza Zarautzen duenak, elkar-lankidetza sustatzeko esperientzia ludiko bat antolatu zigun. Esperientzia horretan, taldeka, herriko hainbat saltokitan zehar ikusezina den hariaren bila aritu ginen.

Talde batzuei oso ondo joan zitzaien bilaketa, beste batzuei pixka bat gehiago (dezente) kostatu zitzaien, baina guztion artean gure helburua lortu genuen: bidaia honetan, gu behatzen ikasi genuen, balioesteko, sortzeko, berritzeko, hazteko lankidetzan aritzeko, abentura besarkatzeko ziurgabetasuna bizitzeko, bizirik sentitzeko eta bidearen magian konfiantza izateko.

Kantatzeaz, dantzatzeaz, kalkulatzeaz, asmatzeaz, antzezteaz… lur jota, baina gure hari ikusezinarekin zoriontsu, bat eginda abiatu ginen malekoira, non itsasora begira bazkari oparoa genuen zain. Batzuek hondartzan txonbo egiteko ere aprobetxatu zuten itzulerako autobusa hartu aurretik. Egun biribila izan zen, konexio berri amaigabeekin eta 2024rako erronka handiarekin: nola hobetu 2023ko Bazkide Egunaren esperientzia? Proposamenak onartzen dira 😉.